Mostrando entradas con la etiqueta euskera. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta euskera. Mostrar todas las entradas

347 - JON ARRETXE - 612 euro

Sinopsis:
Bueltan da Toure, San Frantzisko auzoko detektibe berezia, bizilagun afrikarrentzat agurgarria, emakume zurientzat desiragarria eta polizientzat mespretxagarria. Bolada txar batetik pasatzen ari den momentuan ustezko anaia baten bisita jasoko du bere patera-pisuan, lekua egingo dio afrikar abegiaren izenean eta, erabaki horren erruz, arazo larriak sortuko zaizkio, lapurreta, droga-trafiko eta hilketa kasuetan belarrietaraino nahastuko dutenak. 19 Kamera arrakastatsuaren ondoren dator 612 euro.

Toureren sagako bigarren nobela hau ere Euskal Herriko ghettorik handienean kokatuta dago, Bilboko San Frantziskon. 612 euro instituzioek behartsuenei hilero ematen dieten kopurua da, sanfrantziskotar askoren esperantza bizirik irauteko. Gordintasuna eta umorea konbinatuz, Jon Arretxek erritmo biziko eleberria eraiki du, irakurlea lehen orrialdetik harrapatu eta amaiera arte oharkabean daramana.

Opinión: xBeti bezala, Jonek erraz egiten du irakurtzea. Nahiz eta ez izan nire amatasun hizkuntza, euskeraz irakurtzea gogokoa dut.

Toureren istorioak egunerokoak dira, baina kutsu berezia dute.

Asko gustatu zait. Merezi du, dudarik gabe.

324 - KARMELE JAIO - Ez naiz ni

Sinopsis:
Zerbait falta dute, zer den ondo ez badakite ere. Gaztetasunaren azken izpiez gozatu nahi dute batzuek, lehengo garai ustez eder haiek berreskuratu; esperientzia berriak bilatuko dituzte beste batzuek, modu batean zein bestean, edo hondatzen hasitako harremanak biziberritzen saiatu. Bizitzaren erdialdean daude denak, eta horrek eragiten dien ezinegonean beren tokia aurkitu nahi lukete. Pertsonaia batek dioen bezala, zailena ez baita zahartzea, zahartzen hastea baizik.

Opinión: Hamabi istorioz osatua. Aurrekoetan bezala, giza harremanetan sortzen diren arrakaletan erreparatzen daki egileak, begirada zorrotz baina amultsu batekin; aurrekoen aldean, baina, sakonagoak dira kontakizunak, argumentua gehiago garatuz, eta abertsagoak dira pertsonaiak, haien bizitzen hainbat alderdi eta xehetasun erakutsiz; betiko sentiberatasunez, baina baita berria den umore fin batez ere.

Lagunen, bikoteen, familien, gazteen eta abarren eguneroko eszenak jorratzen dituzten kontakizun atseginak, karga pertsonalekin.
Istorioak kontatzeko duen erraztasunagatik, euskara azkar eta jariakorragatik eta gaiengatik gustatzen zait.
Gomendagarria, zalantzarik gabe.

195 - LAIDA MARTÍNEZ NAVARRO - Ikusezina

Sinopsis: «Ismael Arana naiz, hamasei urte ditut, eta batzuetan ikusezina izan nahi nuke, airean desagertu ahal izateko». Beharbada, dagoeneko gehiegi dira halako esaldiak errepikatzen dituzten gazteak. Egoera horri aurre egin gabe jarraituko dugu? Beste aldera begiratuko dugu, guri tokatu ez bazaigu? Benetan? Arazo bat konpontzeko lehen urratsa arazo hori badugula onartzea omen da. Agian, arazo bat duen belaunaldi bat gara.

Opinión: Gogorra dira, benetan, nerabezaroan gerta daitezkeen gauzak.

Liburu honetan biktimaren ikus puntutik sentimenduak, argi eta garbi, ikusiko ditugu.

Uste dut, bai gurasoek, bai irakasleek, bai ikasleek, liburu hau irakurri behar dutela jakiteko nola hondoratzen diren beren buruarekiko konfiantza, segurtasuna, errespetua eta aurrera atera nahi duten norbaiten mila balioak, beren etorkizuna sortzeko.

Irakurtzea merezi du.

126 - JON ARRETXE - 19 kamera

Sinopsia: Trama paralelo batzuek osatzen dute umorea eta gordintasuna konbinatzen dituen nobela beltz hau: Palankako klub bateko prezio susmagarriak, trafikatzaileen arteko istiluak, adin txikiko prostituta baten desagerpena, kaputxadun talde baten jipoi eta hilketak… Dena dela, nobelako ardatz nagusia Toure da, Bilboko San Frantzisko auzoan bizi den etorkin afrikarra. Ogibidea bilatzen behartuta, gezurrezko igarle gisa saiatuko da lehenik eta, pixkanaka, kasu eta proposamen bitxiak sortzen joango zaizkio.

Iritzia: Idazle erraza. Trama ulergarria. Jon Arretxeren estiloa zuzena da eta egoera ulertzeko erakargarria da. Mundu desegoki honetan afrikar honen gertakizunak guztiz berriak izan dira niretzat. Lasai, motel eta egoeran sartuta irakurri dut. Merezi du azterkari honen bizitza jarraitzea, benetan, zeren ez da detektibe hantza duen pertsonaia eta metodokoa dena, baizik eta bapatekoak dituena. Kasualitatez gertatzen da dena. Entretenigarria oso.

101 - ALBERTO LADRON ARANA - Ahaztuen mendekua

Sinopsia: Iratin dabiltzala, eztabaidan hasi dira Ana eta Oskar, neskak deskubritu baitu mutilak harremanak dituela beste gizonezko batekin. Liskarraren ondotik bereizi egiten dira mendian: Oskar autoa utzia duten lekura itzultzen da; Ana, berriz, ez da inondik ere agertzen. Foru Polizia hasiko da desagertzea ikertzen, baita Oskar bere kasa ere, hilketa baten errudun egingo duten beldurrez. Egunek aurrera egin ahala, pertsonaiak gero eta katramilatuago aurkituko dira, hainbat hari-mutur dituen matazan: jelosia, diru-interes ilunak, iraganeko gertakari are ilunagoak...

Iritzia: Entzunda neukan ez zela interesgarria, baina istorioan sartu naiz berehala. Egia da hasieratik susmatu dudala zer gertatu zen eta nor izan zen hiltzailea, baina nahiz eta jakin... oso entretenigarria iruditu zait.
Azken kapitulua kenduta, bi aldiz irakurri ondoren ez nuen ikusten oinik edo hankarik, nobela ezinbestekoa izan da oporrak ondo hasteko. Bi egunetan irakurrita. Gomendagarria guztiz!

95 - THOMAS BERNHARD - Alferrikaldua

Sinopsia: Hiru musikariren arteko harremanek osatzen dute eleberriaren mamia. Salzburg-en ezagutu dute elkar Horowitz maisuak Mozarteum eskolan emango duen ikastaro berezi batean parte hartzeko. Berehala gertakizun erabakigarri bat: musikari horietako batek, gero Glenn Gould piano-jotzaile ospetsua izango denak, Bachen Goldberg bariazioak jotzen ditu maisuki. Hori heriotza-kolpea izango da beste bientzat: piano-jotzaile oso onak diren arren, inoiz ez dira izango Glenn Gould bezain onak. Hiru pertsonaia “nahastu” horien bidez, Bernhardek bere izaera konplexuko alderdi ezberdinak plazaratzen ditu: izengabeko narratzaileaz gain Glenn Gould pertsonaia erreala baina berrasmatua erabiltzen du espresuki eta Ludwig Wittgenstein filosofoaren zenbait ezaugarri ere jasotzen ditu Wertheimer pertsonaia asmatuaren baitan; eta, horren bidez, artearen zentzuari eta helburuari buruzko kontakizuna eskaintzen digu, perfekzioa lortzeko irrika eta horren ezintasunari buruzkoa. Jeinu paregabearen bakardadea, porrot egin eta hori onartu ezinean kalezuloan sartuta dagoen artista eta idazkerari esker neurri batean zulotik irtetea lortzen duen narratzailea biltzen dira kontakizunean.

Iritzia: Nik ere sinopsia irakurri nuen interesgarria izango zelakoan, baina desengainuz desengainu... bukatu gabe utzi dut. Benetan sakrifizio bat izan da irakurtzea.

Nire bizitzan bukatu gabe utzi dudan bigarren liburua izan da. Ez da bere astuntasunagatik bakarrik, ez. Bere idazkera estiloa nekagarria iruditu zait, dena jarraian, punturik gabe, atalerik gabe, arnasa hartzeko unerik gabe, beti gauza berdinaz hitz egiten... Hauek izan dira, azkenean, bertan behera amore emateko bultzatu ninduten motiboak.

Ezin dut itzultzailearen lana sumatu. 

Idazleak, Thomas Bernhard-ek, istorioa funtzezkoaren menpean idazkera jarri du.

"Rara avis" bezala paregabea da. Liburu bereziak gustokoa badituzue... irakurri, ni ez naiz gauza izan eta ez nuke gomendatuko.




65 - XABIER MENDIGUREN - Kanibalaren kaiolan

Sinopsia: Elena, 25 urteko psikologoa; langabezian egon da denbora luzean eta orain, azkenean, lehenengo lana aurkitu du Barnetegi batean. Poz-pozik dago hasieran baina, hara joandakoan, aurki konturatuko da gauzak ez direla horren politak ; beste inon nahi ez dituzten ikasleak iristen dira Lizarbe Barnetegira, irakasleak ere hala modukoak dira, eta denen gainetik zuzendaria, "Kanibala", bere begirada izoztuarekin eta hizkera pozoitsuarekin inguruko guztiak neurtzen, beldurtzen, kontrolatzen dituena. Zer eginkizun dauka psikologo batek horrelako eskola batean? Zaindariarena egitea tokatu zaiola ohartzen da Elena, ikasleen kartzelaria balitz bezala. Hala ere, ez ote dago bera ere kaiola beraren barruan preso?

Iritzia: Erraz irakurtzen da. Istorioa ez da bestelakoa, baina entretenigarria da. Ondorio nagusia gazteentzat da: erabakiak hartzeko gauza izatea.

55 - ANNE BEREST - Bere aitaren alaba

Sinopsia: Hiru ahizpa dira eleberri honetan protagonista. Bizitzak banatu egin ditu, baina gaur aitaren etxean bildu dira urtebetetze bazkari baten kariaz. Oroitzapenak sortzen dira haurtzaroko beren etxera itzuli direnean. Keinu urduriak, mingainean trabatzen diren hitzak, mahaiaren inguruan esertzera lehiatzen diren haserreak… Ohikoak izaten dira halako elkarganatzeetan. Postre garaian, berriz, luze ernemuindutako bonba lehertu da: komentario zaurigarri baten ondoren, familiako sekretu bat agerian geratzen da, eta hiru ahizpen bizitza ez da aurrerantzean bera izango, ez da bera izango aitarekin daukaten harremana ezta gazterik hil zen amarengandik gordetzen duten oroitzapena ere.

Iritzia: familiaren arteko harremanak batzuetan gogorrak dira. Eleberri honetan argi geratzen da familia normaletan ere sekretuak daudela. Askotan sekretuen gainean ez egon arren, gure sentimenduak kili-kolo kokatzen dituzte. Ez da ipuin bat. Anneren lehenengo nobela izatea da harrigarriena. Ondo aztertzen ditu gertatzen diren kexkak eta arazoak. Asko gustatu zait, benetan.

53 - FERNANDO MORILLO - Deabruaren letaginak

Sinopsia: Deabrua gauean. Zuri begira. Bakarrik zaude. Beldur diozu ilunari? Ez nahikoa. Zu modernoa zara. Ez duzu umekeriatan sinesten. Ez? Ja!
Deabrua itzaletan. Zuri begira. Irribarrez. Zuk baino gehiago daki. Zain dago. Zure sekretuak lehertzeko. Sua. Amorrua. Ikara. Ausartzen zara inbokazio bat egiten? ZER eskatzeko? Bazara gauza gaua mendian igarotzeko, izu mitologikoen euripean? Bazara gauza jainko bat hiltzeko? Edo barre egiteko eta jainko bat izaten ausartzeko? Deabrua zuri begira dago. Letaginak distiraka. Haren begiek harrapatu egiten zaituzte. Izurik latzena. Eta zuk hilda egon nahi zenuke. Deabruak zure izua askatuko du. Beldur diozu ilunari? Ja!

Iritzia: Gustatu egin zait, behintzat gai desberdina duelako. Misterioa, ipuin gorapilatsuak, amaiera ustekabeak... Beno, gustatu egin zaidala.
Ipuin motzak izanez ez du tema sartzeko denbora handirik ematen, dena den, oso deskriptiboak dira eta mamia dastatzea posible da. Berehala irakurtzen da, ipuin motzak eta gutxi direlako. Interesgarria, nire ustez.

49 - XABIER MENDIGUREN - Bihotz gosetien kluba

Sinopsia: Ehiztari bakartia omen da bihotza, norbaitek behin esan zuenez; beste bihotz batzuen bila dabilen ehiztaria, bere gosea asetzeko, bere bakardadea arintzeko. Hala liburu honetako protagonistak ere: Gabonetan larrialdiko miraria espero duen albaitaria, lankide bat bere sarera biltzeko estrategiak lantzen dituen telebista-produktorea, mutilarengana bidaian harekin segitu nahi duen galdezka doana…

Komedia giroko bost narraziok osatzen dute Bihotz Gosetien Kluba: istorio laburrak eta luzeagoak, denak ere maitasunaren nahi eta ezinaren inguruan dantzan dabiltzanak.

Estilo jostalaria darabil egileak kontakizun hauetan, pertsonaien lepotik barrez batzuetan eta haien kuitekin bat eginez besteetan, igurtziak eta atximurrak tartekatuz, amodioak berak egiten duen antzera.

Iritzia: Istorio laburrak agian laburregiak dira, eta luzeagoak direnak ondo daude. Irakurtzean gaia da errazten ez duena, benetako bihotz gosetiak direla eta. Dena den, astialdia pasatzeko ondo dago.

44 - JOSU LARTATEGI - Asteroidea

Sinopsia: Zaharren Egoitza leku lasaia da, lasaiegia. Bertan, zaharrek bizitza egiten dute. Hiltzeko oso denbora gutxi falta zaiela uste dute eta horregatik ez dautake itxaropen handirik etorkizunean. Nahikoa da telebista ikustea, jatea, trikotatzea, paseotxoak egitea, lo egitea... eta berriz ere dena errepikatzea.

Bisitak ere badituzte, baina oso gutxitan, senideak ez direlako ia inoiz zaharrekin gogoratzen. Egun batean, ordea, telebistak berri harrigarria eman du: asteroide erraldoia dator lurraren kontra eta munduaren azkena izango da. Une horretatik aurrera, bizitza erabat aldatuko da Zaharren Egoitzako lau atso-agurerentzat, Antontxu, Mikela, Boni eta Eukennirentzat.

Iritzia: Istorioa euskara maila zehatz baterako moldaturik dago. Orrialde bakoitzaren behealdean hiztegitxo lagungarri bat agertzen da. Eta bukaeran, ariketak daude irakurgaia lantzeko. Oso-oso erraz ulertzen eta irakurtzen da. Istorioak batzuetan barregura ematen du aiton baten gortasuna dela eta.

Mila esker IGORri liburua uzteagatik.

42 - JON ARRETXE - Larunbatak

Sinopsia: Hogei urteko gazteek parranda izaten dute uneoro buruan, eta asteburuaren zain egon gabe ostegunetan bertan irteten dira, trago eta berriketa artean zer lortuko. Hogeita bost urtetik aurrera, ikasketak bukatzearekin batera bidegurutze bat topatu ohi du jendeak bere aurrean: lan-mundu serioan behin betiko eta buru-belarri sartu, ala lehengo bizimodu ganorabakoa luzatzen saiatu; astean zehar beste eginbehar batzuk dituztela-eta, ostiraletan atera ohi dira kalera,tabernaz tabernako ibileran zer edo zer harrapatu nahian.

Hogeita hamarrak bete eta gero, azken mohikano batzuk gelditzen dira, gaztaroaren apurrei nola-hala eutsi guran, harearen moduan esku artetik alde egin baino lehen. Ikasle garaian bezala taldekako pisuetan bizi dira, egunean egunekoari helduz, bohemiaren eta marjinaltasunaren artean mugituz, eta, beren betigazte iraun nahi horretan, patetiko samarrak gertatzen dira.

Jende-mota hori da Larunbatak liburuko protagonista nagusi, beste hamaika gizon-emakume bitxirekin batera, guztiak ere txakur bihurri baten begirada ironikoaz ikusiak. Izan ere, Txo deritzan txakur adar-jotzaile hau bihurtu du Jon Arretxek bere azken nobelako gidari eta kontalari, trilogia arrakastatsu bati amaiera gogoangarria emateko.

Iritzia: Nahiz eta hizkuntzaren aldetik irakurtzeko erraza izan, gaiari dagokiona ez zait batere gustatu. Egileak txakurra protagonista egin du eta isladatzen dituen egoerak ez dira, nire ustez, batere arruntak, batere normalizatuak, batere atseginak. Bukatzeagatik bakarrrik irakurri dut liburu osoa, zeren liburu bat hasten dudanean ez dut utziko bukatu arte, baina benetan ez da izan nire gustokoa gaiagatik eta kontakizunengatik.


41 - TOTI MARTÍNEZ DE LEZEA - Nur eta irlandar gnomoa

Sinopsia: Amamaren etxeko zakarrontzian gnomo bat agertu da eta, harrezkero, Nur zoriontsua da. Aitonak uste du arratoi bat dela, eta zepoak jarri eta jarri ari da. Bien bitartean, Nur, Ainara, Noelia Unai eta Peio jolas eta jolas ari dira Finn-ekin -halaxe deitzen da irlandar gnomoa-, eta haien abenturetako lagunik hoberena izango da aurrerantzean.

Iritzia: Erraz irakurtzen da, nahiz eta berba batzuk bizkatarrez izan, berehala hartzen da nobelaren haria. Guztiz fantasiazkoa da, baina kultur desberdinak elkar daitezkeela adiskidetasuna sortzen azaltzen digu egileak. Merezi duten abenturak izango dituzte protagonistak eta lagunek. Ilustrazioak deigarriak dira, Juan Luis Landaren eskutik. 10 urtetik gorako umeentzat da.

Eskerrik asko JUNEri liburua uzteagatik.

35 - ARANTXA URRETABIZKAIA - Aurten aldatuko da nire bizitza

Sinopsia: Txanpi ez dago konforme etxean familiarekin. Ez dago konforme eskolan irakasle eta ikaskideekin. Hitz batean, ez dago konforme. Laguna egin du hondartzan eta badoa etxetik. Madrilera, hegoaldera, lagun berrietara... Hegoalde horretan: itsasoa. Bidaian, besteak beste, UB-40-ren musika lagun izango du.

Iritzia: Arantxaren literatura ez da batere zaila irakurtzeko, argia, elegantea. 12 urtetik gorako neska-mutilentzat idatzita dago, baina nerabe baten barruko biziminak nolakoak diren jakiteko ere balio du.

Heldutasuna ez da erraz heltzen, eta Txanpiren abentura honetan ikusiko dugu.

33 - FERNANDO MORILLO - Izar malkoak

Sinopsia: Beñat informatika munduan murgildurik dabilen gaztea da, hacker izateko bidean ondo kokatua. Bi neska ibiliko zaizkio inguruan: bata jatorragoa, ddarik gabe; bestea misteriotsuagoa eta erakargarriagoa, bizimodu ilunekoa eta asmo ezkutukoa. Zoratzeraino menperatuko du bigarrenak Beñat, nahiz eta mutilak horren jakitun egon. Sexuaren eta ilunaren erakargarritasuna, ordea, handia da. Bizitza bide gogorra eta konplexua dela uste du narratzailea eta protagonista den gazte honek.

Iritzia: Mutil honek esperientzia berri-berria biziko du. Protagonistak berak kontatzen digun istorio honetan gorabeherak ezagutuko ditugu maitasun eta sexuaren aldetik. Nerabe ezberdinen profilak ezagutu ahalko ditugu liburu honetan. Informatikaz ere hitz egiten da, hacker on bat bihurtu nahi duelako, baina sorpresa izango du. Bi orriko ataletan dago bananduta, hortaz berehala irakurtzen da. Gaia ezaguna denez, denbora jaten dugu irakurtzean.

31 - DAVID DURAN - Nahiago nuke mutila banintz!

Sinopsia: Sexuaz jakin nahi zenuen eta galdetzeak lotsa ematen zizun ia guztia. Júlia kokoteraino dago hilekoaren tripako minekin, eta behin baino gehiagotan desiatu izan du mutil bihurtzea. Egun batez, Hilekoaren Maitagarria agertuko zaio bere desioa errealitate bihurtzeko. Maitagarriak Bis Zikloa eskainiko dio: hurrengo hilekora arte ezohiko boterea izango du neska edo mutila izateko, gogoak emandakoaren arabera. Gero erabaki egin beharko du neska jarraitu ala mutil bihurtu nahi duen. Tarte horretan Júliak primeran pasatuko du, eta gauza pila bat ikasiko du sexualitatearen eta pertsonen arteko harremanen inguruan.

Iritzia: nerabeentzako eleberria da. Hasieran pittin aspergarri iruditu zait, gero, ohiturik, gazteentzako harremanak, kexkak eta eguneroko galderak adierazten dela konturatzean, erraz irakurkertzen da. Dena den, ez da helduentzat, argi eta garbi.

29 - PILAR MATEOS - Nire osaba Teo

Sinopsia: Hamar urteko neskatoa zain dago osaba Teo noiz etorriko. Osaba Teo hori bera baino mutiko txikiagoa izango da, zazpi urte baino ez ditu eta. Hasierako sorpresaren ostean, neskatoa primeran ibiliko da osaba Teorekin, guztiz xelebrea da eta; osabarekin eta Sonia lagunarekin, abentura asko biziko ditu, Soniaren familia oso handia eta berariazkoa delako.

Iritzia: 8 urtetik aurrerago umeentzat da eleberri hau. Hasieran istorioa gorapilatsua da, pertsonaiak oso fantastikoak direlako, baina ohitu ondoren istorio entretenigarria da. Erraz irakurtzen da.

27 - MARIASUN LANDA - Amona, zure Iholdi

Sinopsia: Martinek linterna bat atera zuen bere motxilatik, eta nik galdetu nion zertarako zen eta berak ez zidan ezer ere erantzun, eta urduri nengoen, ez nekien zergatik...

Eta, bat-batean, jira egiteko eta begiak zabaltzeko agindu zidan.
-Alto! Geldi hor!

Orduan, amona, Martinek pistola batekin apuntatzen ninduela ikusi nuen, edo hobeto esanda, hasieran linternaren argiak itsutu egin ninduen, eta gero beste eskuan pistola bat zuela ikusi nuen. Eta gero, pum! pum! pum! oihu egin zidan, eta gero, ja! ja! ja!..., barre algaraka hasi, eta benetako pistola bat zen, hori da okerrena, jostailu bat ez zela, horretaz berehala konturatu nintzen. Geroxeago, hartzeko pistola lasai, eskaini zidan berak, eta nik hasieran ezetz, handik alde egin nahi nuela, baina, azkenean, jakin-minez edo, neuk ere pistola hura nire eskuetan hartu nuen. Dexente pisatzen zuen, eta beltz-beltza zen, ikaragarria.

-Zer iruditzen zain? Ez al dun guai?

Iritzia: 8 edo 9 urteko neska batek hildako amonari kontatzen dituen istoriotxoak dira. Aitaren batean irakurtzen dira. Entretenigarriak eta gaur egungo istorioak dira. Egonaldi txiki bat izaten denean irakurtzeko aproposak dira.

25 - UNAI ELORRIAGA - Londres kartoizkoa da

Sinopsia: Arratsaldero igotzen da Phineas, bere lagunekin, hamazazpigarren teilatura, handik bakarrik ikusten baitira herriko bi sarrerak batera: errepidea eta tren-geltokia. Itxaroten daude, izan ere, uda honetan iritsi beharko lukeen norbaiten zain.Erabat amaitu ez den diktaduraren ondorengo garai lanbrotsuan, krudelkeriaren oroitzapena jaso eta gorde nahi dute pertsonaiek, beren zauriak behingoz ixteko, tiraniaren zerbitzariek zirrikitu guztiak itxirik dituzten arren.Berrikuntza osoa eman dio Elorriagak bere obrari, bai gaiaren, bai idazkeraren aldetik, baina bere erroei eutsiz: itxurazko soiltasun guztiz landua, literatur lana erlojuaren doitasuna duen artefaktua ere izatea, gizon-emakumeen beldur eta sentimendu sakonetara heltzeko gaitasuna.

Iritzia: Hasieran arraroa, zaila, astuna eta monotematikoa iruditu zitzaidan, gero, bigarren atalean kontatzen duena ez zuen zer ikusirik gertatzen denarekin, inportateena da zati desberdinen arteko lotura, baino hori konturatu arte... Laburtuz, Elorriagaren nobela iruditu zait, hau da, sakona, lodia, bitxia, ez buru ez hankokoa... Gustatu? pppppppssssssssssss.

21 - J.M. OLAIZOLA (TXILIKU) - Albahaka lurrina

Sinopsia: Albahaka eta erruda, erromeroa eta malbabiskoa, bere usain eta guzti baratza-bazterrean ahazturiko belarrak, baina esanahi eta dohain ugariz hornituak. Haien lurrinetan garamatza txilikuk, bi mende, hainbat gerrate eta beste zenbait abentura biltzen dituen ipuin gazi-goxo, exotiko bezain hurbil honetan.

Iritzia: Hikan daude ipuinak kontatuta, hortaz, euskaldun berrientzat gorapilatsuak; dena den, primeran ulertzen da. Protagonistak albahaka landare batekin hitz egiten du, baita bere barneko eta familiako istoriak kontatu ere. Ipuinen artean belar hauei buruzko informazioa eskaintzen digu Txilikuk, batez ere bertuteak aipatzen ditu.